XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ESKOLEZ.

Berrikitan oraino, Frantziako Jaun Aphezpikuak mintzatu dira katolikoen gerla ondoko eginbideez; eta heien iduriko, eskola giristinoez artha hartzea, hauientzat Gobernamenduaren laguntza ardiestea, eginbide hertsienetarik bat da oraiko egunean guzientzat.

Zer laguntza galdegin behar othe dugu eskola giristinoentzat gobernamenduari?.

Hauche bakarrik: lerro berean ezar ditzan eskola guziak, izan diten gobernamenduko eskolak edo eskola libroak; paga ditzan eskola horiek haurren nombrearen arabera: haur gehiago eta errientaren paga handiago.

Othe da deus galde hori baino zuzenagokorik?.

Gobernamenduko eskolak gure zergez pagatzen ditugu eta hiruetarik bietan ez detzazkegu gure haurrak eskola horietarat igor.

Gure haurrak nahi ditugulakotz giristinoki alchatu, heiein fedea garbi beiratu, gure gostuz egiten ditugu eskola etcheak; bainan ez da aski etchearen ukaitea, behar da nausi bat eskola hortan haurreri erakasteko, eta hura ere behar dugu gure sakelatik hazi, gobernamenduak ez dionaz geroz fitsik emaiten.

Gehiago dena, hanitz tokitan, gobernamenduko eskolan ez dira bizpahiru haur beizik eta eskola libroan berrogoi edo gehiago; bere bizpahiru haurren eskolatzeko gobernamenduko errientak baditu lau bortz mila libera urthean eta gehiago, zuk eta nik pagatzen ditugunak, nahiz ez diren horrat juaiten gure haurrak, eta haren ondoan gure eskola giristinoko errientak ez du sos bat ukaiten bere berrogoi haurren alchatzeko.

Zuzen othe da hori?.

Zer goaitatzen dugu lege zuzen baten galdegiteko?.

Parada ederra emaiten daukute, uste gabean, Parisen bakea moldatu duten Jaun handi horiek.

Badakizue erresuma berri bat badugula orai, Autrichia eta Rusiaren artean; deitzen da Polonia.

Erresuma hortan bada, tokiko jendeaz kampo, judu parrasta bat.

Judu hoieri Parisen egin bakeak ezagutzen diote bere errelijioneko eskolen altchatzeko dretchoa eta bertze eskoleri bezala, gobernamenduak zor diote laguntza.

Gure Clemenceau zaharrak, bakezko artikulu hortaz, Poloniako ministro nausiari gaztiatzen zion, erresuma ontsa gidatuetan lege berak zirela eskolatzearen gainean, eta etzela ezin eginezko gauza bat gobernamendu batentzat, ezagutzea errelijionea erakusten duen eskola bat.

Hori erran badu Clemenceauk Poloniako Juduentzat, ez othe du erraiten ahal gauza bera Frantziako katolikoentzat, ala hango Juduak baino gutiago othe gira hemen?.

Zuzen atzemaiten badu gobernamenduaren laguntza Poloniako Juduentzat, ez othe litake hain zuzen lagun ditzan gure eskola giristinoak?.

Berzetan ontsa dena, hemen ere ez litake batere gaizki.

Nola joka horren ardiesteko?.

Horra nun laster ditugun bozkatzeak.

Galda dezoguten gure intresen atchikitzeko agertuko diren gizoneri, gero eta gehiago indar egin dezaten lege berri bati esker gobermendutik ardiesteko libertate eta laguntza berak eskola guzientzat.